Geldi dezagun Blair !
Tony Blair "Europar Batasuneko Lehendakari" izendatzearen aurkako eskaera
Guk, jatorri eta joera politiko orotariko Europako hiritar garenok, adierazi nahi dugu Tony Blair Europar Kontseiluaren Lehendakari izendatzearen aurka gaudela zeharo.
Lisboako Hitzarmenak erabaki du kargu berri bat sortzea, Europar Kontseiluaren Lehendakariarena, Kontseiluak berak hautatuko duena agintaldi osorako, bi urte t'erdirako, behin bakarrik berritu ahal izango dena. Hitzarmenaren hitzetan: "Europar Kontseiluaren Lehendakaria Kontseiluburu izango da eta haren lana bultzatuko du" eta "Europar Kontseiluaren prestaketa eta jarraipena segurtatuko du". Areago, "Europar Kontseiluko Lehendakariak, bere mailan eta ahalmen horrekin, Europar Batasunaren kanpo ordezkaritza segurtatuko du haren kanpo eta segurtasun politika komunei dagozkion arazoetan"¹.
Etorkizuneko Europar Kontseiluko Lehendakariak, beraz, giltza nagusia izango du Europar Batasunaren politikak erabakitzeko lanean eta munduko beste guztiekiko harremanetan ere bai. Lehen Kontseiluburu honek, halaber, pisu sinboliko nagusia izango du Europar Batasuneko hiritarrentzat zein Europar Batasunak munduaren gainerakoan duen irudiari dagokionean. Ikuspegi horretatik, guk uste dugu funtsezkoa dela lehen lehendakariak Europar proiektuaren espiritua eta balioak gorpuz ditzan bere baitan.
Azkenaldi honetan, gero eta albiste gehiagok agerian jarri dute desio bat zenbait bazterretan, Europar Kontseiluko Lehendakari izendaturik ikustea Tony Blair. Izendapen hau, gauzatuko balitz, erabateko kontraesanean izango litzateke Europar proiektuak agerian aitortzen dituen balioekin.
Nazioarteko legeak bortxatuz, Tony Blair-ek bere herria arriskarazi zuen Irakeko gerran, nahiz eta Europako hiritarren gehiengo zabala haren aurka agertu. Gerra honek ehunka mila biktima izan ditu eta milioika erbesteratu eragin ditu. Hori izan da Ekialde Ertainak gaur bizi duen ezegonkortasun sakonaren eragile nagusia, eta horrek ahuldu du mundu osoko segurtasuna. Bere herria gerrara eramateko, Blair jaunak sistematikoki erabili zituen hutsetik sortutako froga faltsuak eta informazioaren manipulazioa. Irakeko gerran izan duen jokabideak pisu astuna izango du Europar Batasunak munduan duen irudian, inoiz haren lehendakari izendatua izango balitz.
Tony Blair-en gobernuak eman dituen pausoek, eta Bush-en administrazioarekin batera legez kanpoko "errenditze ohiz kanpokoen" programan izan duen jokabideak, aurrekaririk gabeko gainbehera eragin ditu askatasun zibiletan. Hori kontraesanean dago Hitzarmenaren muin den Giza Eskubideen Europar Konbentzioarekin.
Funtsezko Eskubideen Europar Kartak europar proiektuaren sortzezko balioak gauzatzen ditu eta Hitzarmen berriaren zutabeetako bat da. Tony Blair-ek borroka egin zuen hura ez zedin sartua izan Lisboako Hitzarmenean, eta azkenean lortu zuen Erresuma Batua salbuetsirik uztea.
Europaren integrazioa aurrera eraman ordez, Britainiar Lehen Ministro ohiak "lerro gorriak" (nola-hala) deituriko arau-sail bat ezarri zuen Lisboako Hitzarmenaren negoziazioetan², gizarte gaietan eta zerga harmonizazioan edozein aurrerabide oztopatzeko asmoz, baita defentsa eta kanpo politika komunean ere.
Are gehiago, pentsaezina dirudi Europar Kontseiluaren lehen Lehendakaria izan dadin gobernuburu ohi bat bere herria Europaren eraikuntzan giltzarri izan diren bi elementutatik kanpo mantendu duena: mugimendu libreko Schengen eremua eta Euro gunea.
Europar instituzioen lehentasun nagusietako bat bere hiritarrekiko lotura sendotzea den garaian, uste dugu funtsezkoa dela Europar Kontseiluaren Lehendakaria izan dadin norbait hiritarren gehiengoak harekin bat egiten duena, eta ez gehiengoak arbuiatzen duena³. Beraz, gure erabateko aurkakotasuna adierazten diogu izendapen honi.
- Lisboako Hitzarmena, 1. artikulua, 16. puntua, bere baitan 9 B artikulua biltzen duena Europar Batasunaren Hitzarmenean, 5. and 6. puntuetan (2007/C 306/17, 18) ↑
- Blair-ek bere eskariak agertzen ditu EUko hitzarmenari buruz, BBC, 2007ko ekaina ↑
- 6. taula FT/Harris inkestan, 2007ko ekaina ↑